Eskolan gramatika bai ala ez?

 

Nire ustez, ez genuke zalantzan jarri beharko eskolan gramatika landu behar den edo ez. Betidanik gramatika lantzeko erbili izan de planteamendua jarri beharko genuke eztabaidan.

Zergatik diot ezin dezakegula zalantzan jarri gramatikaren presentzia derrigorrezko bigarren hezkuntzan? Bada, gramatikak barne hartzen dituen hizkuntza arloak, ahozko zein idatzizko ekoizpenerako (komunikatzeko) ezinbestekoak direlako.

Azken urteetan entzun dugu gazteen idazmen gaitasuna (ahozkoa baino gehiago) geroz eta kaxkarragoa izaten ari dela. Hori ez da “soilik” ikasleek ez dutelako irakurtzen edo ez dutelako idazten. Orokorrean, pertsonen arteko komunikazioa (mugikorrak, sare sozialak...) erroz aldatu da eta zeharka bada ere gaztetxoen ekoizpenetan eragiten du. Euskarari dagokionean, arazoa haratago doa. Ez da gaztetxoek ez dutela euskaraz idazten edo irakurtzen, gehiengoak ez du euskaraz hitz egiten. Guzti honek, ahozko eta (batez ere) idatzizko ekoizpenetan hizkuntzaren oinarrizko arauak nahastea dakar.

Ikasleek dituzten zailtasun nabarmenenak deklinabidean eta aditzean ikusten dira (modu orokorrean hitz eginda, jakina) eta gaitasunok garatzeko ezinbestekoa da eskolan gramatika lantzea. Bat nator, ordea, orain arte gramatika lantzeko erabili diren metodologien eraginkortasun faltaren ideiarekin. Ez du ezertarako balio ikasleek (adibide bat emate arren) ahalerako aditzen taula buruz ikasteak. Azterketak bikain egin ditzakete, ahalerako aditz guztiak ikas ditzakete, baina ez dakite zer esaten ari diren. Izen deklinabidearekin berdin. Deklinabide marka guztiak ikas ditzakete, baina gero ez dituzte elkar bereizten. Kasu ezagunena ergatiboarena da, ez zait adibide hoberik bururatzen.

Arazoa errotik heldu beharko litzateke. Ikasleek, ez dute gramatika ikasteko beharrik ikusten. Hori izan daiteke aldatu beharreko ikuspuntua. Jada euskaraz hitz egiten dakitenek, ez dute hizkuntza arauak ikasteko beharrik ikusten eta hitz egiten ez dakitenek ez dute interesik erakusten eta hori ekoizpen akademikoetan islatzen da.

Esan dut, ordea, ezin dela gramatika lantzeko metodo berarekin jarraitu. Aditzak, deklinabibea, menpeko perpasuak… guztia modu isolatuan lantzen da eta ikasleak ez dira loturak egiteko gai izaten. Gramatika lantzeko modu erakargarriagoa eta eraginkorragoa bilatu behar genuke. Literatura izan liteke gramatika lantzeko baliabide bat, bai. Baina ez fokua gramatikan jarri gabe. Eskolan gramatika landu gabe, non ikasi behar dute ikasleek euskal hiztun konpetente izaten euskaraz bizi ez badira?

Comentarios

Entradas populares de este blog

Klaserako irakurgaia.

14. Jarduera. Euskara eta literaturako saioa.

Goitizena eta sinopsia.